top of page
Search

ZEID FEST: Jaialdi hasiberria, Euskadin arrakastatsu (EUS)

  • Writer: Alba Barcena Ferreras
    Alba Barcena Ferreras
  • Apr 8, 2022
  • 1 min read

Musika-jaialdi hau apirilaren 2an egin zen BECen, eta eskaini ziren 10.000 sarrerak saldu ziren.



Iritsi bezain laster entzuten ziren ehunka lagunen murmurioak euskaraz hitz egiten, ilaran, Zeinen Ederra Izango Den Festean sartzeko zain. Proiektu hau duela bi urte hasi zen: 2020an Zetak taldeak -Pello Erreparazen lidergoarekin- euskal musika ospatzeko ekitaldi handi baten proiektua jarri zuen martxan. Egoera pandemiko lasaiago batekin, bi urte eta gero ospatu da jaialdia.


Lekua arreta handiz zegoen egokituta: hainbat barra, merch eta artisautza azoka txiki bat, food trucks eta, jakina, jaialdiaren bi eszenatokiak, La Salve eszenatokia eta Naiz: agertoki nagusia. Aipatutako bigarren agertokiko kontzertuak ikusi ahal izan ziren bai pistatik bai harmailetatik. Line-upa, kontzertuen kalitatea eta haien egokitzapena apartak izan ziren, eta, horri esker, musikazale amorratuenek asko gozatu ahal izan zuten.


Hala ere, kontzertuak ikusteaz aparte edozein zeregin egin nahi izanez gero, denbora gehiegi eman behar zen ilaretan itxaroten. Barrak, food truckak eta, jakina, komunak egon arren, ia ezinezkoa zen horietara azkar iristea. 45 minutu inguruko ilarak mantendu ziren egun osoan zehar, eta itxaron behar zen denbora-tarte hori areagotu zen bazkalorduan. Eguerdian edo arratsaldean esparrutik ateraz gero, berriz sartzeko ordu erdi edo gehiagoko ilara itxaron behar zen.


Masifikazio hori akats handia izan zen, eta esperientzia pertsona bat baino gehiagori hondatu ahal izan zion, baina seguru asko hori konponduta egongo da Zeid Fest-en hurrengo ediziorako. Hala ere, inork ezin du ukatu jaialdi ikonikoa, arrakastatsua eta oso gozagarria izan zela musikaren aldetik. Kontzertuak ikaragarriak izan ziren eta, alde horretatik, antolatzaileek txalo bero bat merezi dute, baita jaialdiko artistek ere. Bigarren edizioan ikusiko dugu elkar, hurrengorarte!


Alba Barcena

 
 
 

Comments


© 2023, Alba Barcena.

bottom of page